Intxaurrondo Kultur Etxeak 'Sexu jazarpenetik erreparaziora. Latinoamerikaren eta Euskadiren arteko esperientzia partekatuak' jardunaldia hartuko du maiatzaren 19an. Topaketak sexu jazarpenaren inguruko ikuspegi juridiko, sozial eta erreparatzaileak landuko ditu, hausnarketarako eta elkarrizketarako gune bat eskainiz.
Mundu Bakean elkarteak antolatu du jardunaldia, Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkartearen eta Donostia Kulturaren laguntzarekin. Saioa 18:00etatik 20:30era egingo da, eta elebiduna izango da.
Egitarauan, besteak beste, sexu jazarpenaren definizio juridikoa, giza eskubideen urraketa gisa duen dimentsioa, lege hutsuneak eta hainbat lurraldetako araudien bilakaera jorratuko dira; tartean, Guatemala, Kolonbia, Mexiko eta Euskadiko esperientziak.
Jardunaldian parte hartuko dute Paula Barrios eta Marcia Zavala guatemalarrek, Adriana Benjumea kolonbiarrak eta Cynthia Morado zein Tania Naanous mexikarrek, beste hainbat gonbidaturekin batera.
Programak sexu jazarpenaren inguruko narratibak eta ondorio psikosozialak aztertzeko tartea ere izango du, baita justizia erreparatzaileari eta prebentzioari buruzko mahai-ingurua ere. Jardunaldia publikoarekin egingo den solasaldi ireki batekin amaituko da, Mundu Bakeanek gidatuta.
PROGRAMA OSOA:
18.00-18.10 Harrera eta aurkezpena. Irekiera instituzionala eta testuingururatzea.
18.15-19.00 Sexu jazarpenaren esparru politikoa eta juridikoa.
19.00-19.25 Eragin psikosoziala eta narratibak.
19.25-20.00 Justizia leheneratzailea eta prebentzioa.
Ondoren, elkarrizketa irekia izango da publikoarekin, Mundu Bakean-ek moderatua.