Non dago boterea?
Data: Urriak 21: 18-20h // Urriak 22: 11-13h
Lekua Donostiako Arrupe aretoan (Garibai 19)
Testuinguru konplexu batean bizi gara gaur egun, eta berriki bizitako pandemiak, gerrek edota gero eta larriagoak diren energia zein krisi klimatikoak, agerian utzi dute lokalizatuagoa dagoen eta kanpoko lehengai eta produktuekiko dependentzia txikiagoa duen eredu ekonomiko baten beharra.
Donostiako Kontsumo Kontzientearen aldeko Saretuz Sareak hamarkada bat baino gehiago darama ekonomiaren birlokalizazioa modu justuan eta ingurumenarekiko jasangarria den eredu ekonomikoa aldarrikatzen. Baita herritarrei eredu ekonomiko eta sozial berri hori eraikitzeko boterea ematen dien tresnak eraikitzen. Eredu berri honek, nahi ta nahiez, beste modu batean kontsumitu eta bizitzea ekarriko duelarik.
Lehenengo egunean, 19:00tatik aurrera, herritarrei boterea nork eta nola kentzen dien jorratuko da. Horretarako, Guatemalako eta Peruko gonbidatuak etorriko dira, bere lurra, lurraldea, baliabideak eta ondasunak transnazional eta gobernuetatik defendatzeko egunerokoan egiten duten lana azaltzera. Ondoren, Peruko eta El Salvadorreko beste kide batzuek, beren lurraldeetan uraren kontrolaren eta autosufizientziaren gaineko boterea nola berreskuratu duten azalduko dute.
Urriaren 22an, gaia gure ingurutik eta gure gertuko errealitatetik jorratzeko unea izango da. Horretarako, gertukoa, bertakoa, soziala edota ingurumenarekin justua denaren aldeko apustua eginez, energia, zaintza, elikadura, berrerabilpena, teknologia edota banka bezalako arloetan lan egiten duten eta modu honetan ekonomiaren birlokalizazioaren alde lanean diharduten iniziatiba aurkeztuko dira. Azken finean, bizitzaren eta planetaren zaintza lehen-lehenik jartzen duen eredu ekonomiko baten aldeko hautua egitea suposatzen dute, komunitatea sortuz eta orekatuago dagoen eta hain estresantea ez den bizitza bat garatzeko aukera eskainiz.
INFO + : https://saretuz.eus/non-da-boterea/
625838020