Beste kontinente batzuetan bezala, Afrikako lurren metaketa antzinako fenomenoa bada ere, larriagotu egin da azken hamarkadan, gobernuen, nazioz haraindiko enpresen eta inbertsio-fundazioen ekintzaren ondorioz.
Erkatuz gero, lurraren prezioa oso eskuragarria dela eta tokiko gobernu asko inplikatuta daudela kontuan hartuta, kontinente zabaleko lur ereingarriak arpilatzeko prozesua areagotu da, baina, batez ere, agroerregaiak ekoizteko, nekazaritzako elikagaigintza sustatzeko eta baliabide mineralak erauzteko. Mozanbike konpainia atzerritarrei lur-azalera handienak lagatzen dizkieten herrialde afrikarretakoa da. Horren ondorioz, milaka erkidego nekazari euren lur emankorretatik lekualdatu behar izan direnez, elikaduraren segurtasun falta sortu da.
Izan ere, erronka eskerga da biztanleentzat, afrikarren %80k nekazaritza familiarra dutelako bizibide. Lurren pilaketari aurre egiteko, nekazarien nekazaritzak elikaduraren burujabetza lortu nahi du Mozanbikeko bizilagunentzat, bidezko elikagai osasungarrien ekoizpen jasangarriaren bitartez, bere helburua ez delako nazioarteko merkatuak hornitzea, pertsonak elikatzea baizik. Nekazaritza horretan, hain zuzen ere, elikagaiak ez dira salgaiak, mundu zabaleko herrien eskubidea baizik.
MUNDUBAT
www.mundubat.org